Gurean zerbait goxo-goxo dagoenean, jaki hori "maragurie" dela erraten dugu. Hortik dator blog honen izenburua.
Maraguri Blog honetan haurrekin edota haurrentzako sukaldatzeko errezetak ez ezik, sukaldaritzaren inguruko txikien interesa pizteko baliabideak ere aurkituko dituzue. Estrenaldi honetan txikiei barazkiak erakargarri suertatzeko errezeta ederra ekartzen dut hona. Anima zaitezte, bada, haurrekin sukaldatzera!
Osagaiak
Pizzarako:
- 10 esne goilarakada
- 1/2 zorrotxo legami
- 200 gramo irin
- 3 koilarakada oliba olio
- baratxuri xehatua
- gatza
Gainekorako:
- 1/2 brokolia
- tomate frijitua
- urdaiazpiko xehatua (hautazkoa)
- gasna xehatu berria
Nola egin
- Aldez aitzinetik piztu labea 180 gradutara.
- Esnea epeldu mikrouhinetan. Epeldu bertzerik ez, sobera berotu gabe.
- Legamia nahastu eta egoten utzi 5 minutuz.
- Errobot batean nahastu esne-legamiak irinarekin, gatz eta olio apur batekin eta baita baratxuri apurtxo batekin ere.
- Sortu bola moduko bat. Idor badago, bota esnea. Aitzitik, urtsu badago, gehitu irina.
- Utzi bola 30 minututan ontzi borobil batean zapi busti batez estalita. Epelean egon behar da. Ez ahaztu.
- Prestatu brokolia lurrunean. Ondoren, zatitu.
- Gehitu tomatea pizza-opilari.
- Kokatu brokolia pizza-opilaren gainean eta gehitu gasna xehatua.
- Sartu labean 200 gradutan pizzak erre-kolore polita agerian izan arte.

No hay comentarios:
Publicar un comentario